Los problemas de salud uno a uno:
Arrautzari alergia

Medikuaren erantzuna
Elikagaiek, kasu jakin batzuetan, kontrako erreakzioak eragin ditzakete, eta horrek kalte egiten dio elikagaia daukan pertsonaren osasunari. Erreakzio horiek toxikoak izan daitezke, gehienetan alterazio entzimatikoek edo kausa ezezagunek eragindako intolerantziazkoak (erreakzio horiek dira ohikoenak); eta immunologikoak (ohiko alergia-erreakzioak eta beste kausa-prozesu batzuk sartzen dira hor).
Erreakzio immunologikoei buruz bakarrik arituko gara, alergia-erreakzioetatik hasita. Arrautzaren kasuan, kontuan izan behar da alergia sor dezaketela bai zuringoak, bai gorringoak, nahiz eta lehenengoa nagusitzen den. Ikuspegi klinikotik, erreakzio horiek hainbat ezaugarri izan ditzakete:
- Erreakzio anafilaktikoak: erreakzio alergiko orokortuak, larritasun berezikoak; berehala tratatu behar dira, bizi-egoera konprometituak saihesteko.
- Larruazaleko sintomak: ohikoenak dira, eta urtikaria krisi gutxi-asko orokortua izaten dute, batzuetan aurpegiari eragiten dioten hanpadurekin batera (angioedema), batez ere betazalei, ezpainei eta masailezurrei. Dermatitis atopikoa ere eragin dezake. Arrautzari dagokionez, oboalbumina da maizen inplikatzen den proteina, eta, gehienetan, alergiak eragiten ditu, esnearekin eta arrautzarekin erreakzio gurutzatua izateagatik.
- Arnas sintomak: asma-krisia eta/edo errinitisa edo laringeko edema.
- Sintoma gastrointestinalak: sabeleko mina, goragalea, gonbitoak eta beherakoak.
- Sintoma neurologikoak: migraina, loaren gorabeherak...
Alergologia eta Immunologia Klinikoaren Espainiako Elkarteak adierazi duenez, elikagaiekiko alergiaren koadro susmagarri bati aurre egiteko jokabidea honako hau da: lehenik eta behin, segurtasun-diagnostiko bat egin behar da, historia kliniko zehatz eta zuzendu baten bidez lortzen dena, eta proba diagnostikoak egin behar dira, hala nola azaleko probak, laborategiko probak eta probokazio-probak edo baztertze-dietak. Proba horiek adituek egiten dituzte, eta aukera ematen dute eritasun alergikoaren segurtasun-diagnostikoa egiteko. Oinarrizko tratamenduan, saihestu egiten da erantzun alergikoa eragiten duen elikagaia, eta kontuan hartzen da, gainera, beste substantzia batzuekin erreakzio gurutzatuak izateko aukera. Erreakzio alergiko batean agertzen diren sintomen tratamendua koadro bakoitzaren ezaugarrien araberakoa da.