Los problemas de salud uno a uno:
Arrautzari alergia

Sarrera
Alergiak maizago agertzen dira haurtzaroan. Alergia organismoak substantzia jakin baten aurrean (alergenoa) izaten duen erreakzio edo erantzun desegokia da. Arrautzari alergia izanez gero, alergenoak ukitua izaten du pertsonaren organismoarekin, elikagaiaren proteina irensten duenean. Arrautzaren albumina da gaitasun alergeniko handiena duen proteina, eta zuringoan dago. Elikagai-industrian, gehigarri egonkortzaile eta lodigarri gisa erabiltzen da, eta testura handiagoa emateko, besteak beste.
Gure organismoak antigorputzak sortzen ditu, bakterioen, birusen eta abarren infekzioetatik babesteko. Elikagaiekiko alergia duten pertsonengan ez dago argi zein den arrazoia. Kasuen ehuneko handi batean, organismoak antigorputz bat sortzen duelako gertatzen da, IgE (E immunoglobulina), alergeno gisa jokatzen duen produktuaren aurka zuzendua. Alergenoa eta IgE elkarrekin lotzeak alergia-erreakzioa eragiten du, eta oso ondorio kliniko aldakorrak ditu pertsona batetik bestera: azaleko sintomak, urdail-hesteetakoak, arnasketakoak (asma) edo neurologikoak (loaren desordenak). Alergia-erreakzioak zenbait organori eragiten badie, shock anafilaktikoa eragin dezake. Koadro larria da hori, eta berehalako arreta medikoa behar du, bestela arriskuan jar baitezake pertsonaren osasuna.
Arrautza da elikagairik alergenikoena 1 eta 2 urte bitarteko haurretan. Pronostikoa ona da, haurrek, azkenerako, 2 edo 3 urte baino gehiago dituztenean onartzen baitute elikagai hori.