Los problemas de salud uno a uno:
Osteoporosia

Medikuaren erantzuna
Populazioa zahartzen ari denez eta bizi-itxaropena gero eta handiagoa denez, osteoporosia da herritarren artean eragin handiena duen gaixotasunetako bat. Askotan, hormona- edo nutrizio-nahasmenduak eragiten ditu; horregatik, Espainiako Endokrinologia eta Nutrizio Elkarteak (SEEN) nabarmentzen du espezialistak funtsezko zeregina duela hezur-masaren galera prebenitu eta tratatzeko. Endokrinologoak gaixoen jarraipen espezializatua egin beharko du, tartean diren parametro ugariak baloratuz, eta kasu bakoitzerako tratamendurik egokiena aplikatuko du. Estrogenoen hartzailearen modulatzaileez gain, osteoporosiaren tratamenduan aurreratuen dagoen beste farmako bat bifosfonatoak dira, gaixotasun hau duten emakumeetan haustura berriak agertzea prebenitzen dutela frogatu baita berriki.
SEEN erakundearen datuen arabera, hiru emakumetik batek haustura bat du gutxienez osteoporosiaren ondorioz bere bizitzan zehar, bereziki menopausia ostean. Kolektibo honetan, gaixotasunak bularreko minbizia edo infartua gainditzen ditu intzidentzian. Horren aurrean, endokrinoek behin eta berriz diote lehen haustura agertzen denean funtsezkoa dela pertsonak berehala tratamendu bat hastea, haustura berriak saihesteko.
Elikadura egokian oinarritutako prebentzioaz gain, osteoporosiaren diagnostiko goiztiarra ezinbestekoa da lehenengo apurketa ekidingo duen tratamendua aplikatzeko. Hori dela eta, endokrinologoek hezur-dentsitometriak aldizka egitea gomendatzen diete arrisku handieneko kolektiboan dauden emakumeei; teknika horrek hezurraren masa neurtzea ahalbidetzen du, hausturarako arriskurik dagoen egiaztatzeko. Hala ere, hori guztia medikuak baloratu behar du, kostu handiko teknika baita eta menopausia osteko emakume guztietan ez baita bereizketarik gabe erabiltzen.
Hezur-masaren galerak gaixotasun endokrinologikoetan izan dezake jatorria, hala nola Cushing sindromean, hipertiroidismoan, hipogonadismoan edo hiperparatiroidismoan. Beraz, osteoporosia hautematen denean, oso garrantzitsua da endokrinologiako espezialistak hormona-azterketak egitea, haren jatorria detektatzeko eta tratamendurik egokiena aplikatzeko.