Los problemas de salud uno a uno:
Hiperkolesterolemia (kolesterol altua)

Medikuaren erantzuna
Bihotzaren Espainiako Fundazioak nabarmendu duenez, egungo bizi erritmoa, estresa eta presak elikadura ohiturak aldatzen ari dira. Eta ziurtatu du ez dela hoberako aldaketa izan, denbora faltak familiak sukalde modu berriak hartzera bultzatu baititu, beti osasuntsuenak ez direnak: janari lasterra eta aurrez prestatutako platerak gehiegi erabiltzen dira.
Hori dela eta, Fundazioak ohartarazten du gizakiaren hazkuntza eta garapena elikadura orekatu batetik igarotzen dela, eta horrek, gaixotasun kardiobaskularren kasuan, arrisku-faktore garrantzitsu bat kontrolatzen laguntzen duela: kolesterola. Sendagileek Mediterraneoko dietari berriro ekitearen garrantzia nabarmentzen dute: animalia-gantz saturatu gutxiko dieta da, fruta, barazki eta ortuari ugarikoa, eta substantzia kardiobabesleak dituzten produktuez betea. Bihotzarentzat osasungarria den sukaldaritza lortzeko gakoa osasuntsu jatea erraza, merkea eta, batez ere, aho-sabairako oso erakargarria dela sinestea dela defendatzen dute.
Kardiologoek ohartarazten dutenez, kolesterola murrizteko botika berezi bat hartzeko erabakia sendagileak agindutakoa izan behar du beti, erabateko balorazioa egin ondoren. Era berean, kolesterolaren aurkako medikazioa medikuaren agindu eta jarraipenik gabe erabiltzea oso arriskutsua dela ohartarazi dute. Behin tratamendu bat hasita, iraupena mugagabea izan ohi da, eta medikuak gainbegiratuta egin behar da. Nolanahi ere, Fundazioak berretsi du medikazioa tratamenduaren zati bat baino ez dela, eta funtsezkoa elikadurari buruzko gomendioak direla.