Los problemas de salud uno a uno:
Anemia ferropenikoa (burdinarik eza)

Medikuaren erantzuna
Hematologian eta hemoterapian espezializatutako medikuntzaren arabera, galdera hauek egin beharko lirateke: nekatuta egoten al zara denbora guztian? akitu egiten al da eta airerik gabe geratzen al da berehala edozein esfortzurekin? zurbil nabaritzen al da? ba al duzu izotza edo lurra murtxikatzeko gogorik?
Erantzuna baiezkoa bada, litekeena da anemia izatea, burdin urritasunagatik. Kasu horretan, medikuak odol-azterketa soil batekin egin dezake diagnostikoa; beraz, kontsultara gehiago luzatu gabe joatea gomendatzen da.
Anemia nozitzen baduzu, tratamendua erraza izango da: botikak eta premien araberako dieta hartu beharko duzu baina, burdinazko osagarririk hartu aurretik, sendagilearengana joatea komeni da, burdina gehiegi hartzeak ere arazo larriak ekar baititzake. Era berean, kontu handia izan behar da burdinazko osagarriak haurren eskueratik kanpo uzteko, haurrek intoxikatu egin baitaitezke pilula bat baino gehiago hartuz gero.
Emakume gazte batek burdin falta badu hilekoarekin batera izaten den odol-galeraren ondorioz, batez ere aldi luzeagoetan edo ugariagoetan, anemia burdinazko osagarriak kontsumituz zuzentzen da. Horren arrazoia digestio-hodian edo gernu-traktuan etengabe odola galtzea bada, medikuak azterketa zehatzagoa egingo du, gorozkien eta gernuaren analisiak barne, eta, sarritan, endoskopia (digestio- edo gernu-bideen ebaluazioa, hodi fin bat erabiliz, kamera txiki batekin; ahotik, uzkitik edo uretratik sartzen dira, kasuaren arabera).
Anemia-mota hori eragin dezaketen digestio-traktuko arazoen artean daude, besteak beste, gastritisa, ultzerak, barizeak (ohikoak hestegorrian, ahotik urdailera doan hodia, gibeleko gaixotasuna duten pertsonena edari alkoholiko gehiegi hartzeagatik), minbizia, polipoak eta dibertikuluak. Gernu-bideetan odola jariatzea harrien (kalkuluen), infekzioen eta tumoreen ondorio izan daiteke. Orduan, tratamendu osoagoa egingo da.
Haurretan, elikadura txarrak eragin dezake burdinarik eza, ez kantitateari dagokionez bakarrik, baita kalitateari dagokionez ere.