Los problemas de salud uno a uno:
Meteorismoa (flatulentzia)

Medikuaren erantzuna
Flatulentzia zuzentzeko, zenbaitetan, ohiko dietatik murriztu edo kendu egin daitezke flatulentzia sortzen laguntzen duten zenbait elikagai. Metatutako gasak urdailekoak edo hesteetakoak izan daitezke. Lehenengo kasuan, ahotik kanporatuko dira; bigarrenean, berriz, uzkitik. Kanporatuak izan arte, haien metaketak urdaileko eta hesteetako paretak dilatatzen ditu, eta, beraz, baita abdominalak ere; distentsio abdominal hori, meteorismo izenez ere ezaguna, tamaina dezentekoa izan daiteke, eta flatulentzia dutenen artean molestiarik ohikoenetakoa da.
Irentsitako airearen %5 eta %15 artean, oxigenoa batez ere, odolak xurgatzen du heste meharrean; azken horrek, era berean, karbono dioxidoa askatzen du heste meharrean, eta, xurgatu gabeko gainerako oxigenoarekin batera, heste lodira pasatzen da, eta han handitu egiten da haren bolumena, bakterioek elikagai-hondarrak deskonposatzean sortutako gasak gehitzen baitzaizkio.
Uzkitik kanporatzen diren gasak, batez beste, honela osatuta daude: % 60 nitrogenoa, % 20 hidrogenoa, % 10 karbono dioxidoa, % 6 metanoa eta % 4 oxigenoa. Haren usaina, neurri handi batean, jandako elikagaien araberakoa da; hala, arrautzak, haragia, aza eta azalorea sufre ugarikoak dira, eta horrek hidrogeno sulfuroa ekoiztea eragiten du, eta hidrogeno sulfuroaren usaina arrautza ustel batenaren oso antzekoa da.
Proteina, gantz eta zuntz ugariko elikagaiak eta edari gaseosoak maiz irensteak gehiegizko gasak eragin ditzake, bai urdailean, bai hesteetan.
Antsietateak eta estresak ere gasak pilatzea eragin dezakete, bi faktore horiek airea irenstera eta heste-erritmoak bizkortzera baitaramatzate. Gehiegizko aire-irensketa, aerofagia bihurtzeraino, ez da erraz konpontzen, baina saia daiteke erlaxazio-ariketen bidez eta patxadaz janez.
Beste flatulentzia kausa arrunt bat idorreria da, hestean gelditutako gorozkiek gasak sortzen baitituzte.
Gas gehiegi sortzeak ere gaixotasun edo trastornoren bat dagoela adierazten du, hala nola urdaileko edo duodenoko ultzera, hesteetako dipepsia edo hestegorriko muskuluen edo urdailaren sarreraren funtzionamendu anormala. Beraz, elikadura-aldaketek edo nerbio-jarreren aldaketek ez badiote eragiten flatulentzia-egoera txikiagoari, medikuari kontsultatzea komeni da.
Flatulentziak eragin ditzaketen patologiak baztertu ondoren -sendagile batek tratatu beharko ditu gaitz horiek-, gehiegizko gasari aurre egiteko oinarrizko neurriak hauek dira: edari gaseosoak hartzeari eta horiek sortzen dituzten elikagaiak jateari uztea, eta egur-ikatzezko pastillak hartzea, horien eragin xurgatzailea aringarri nabarmena izan baitaiteke.