Osasun arazoak, banan-banan:
Arrainarekiko alergia

Erantzun medikoa
Elikagaiek, kasu jakin batzuetan, kontrako erreakzioak eragin ditzakete, eta horrek kalte egiten dio elikagaia daukan pertsonaren osasunari. Erreakzio horiek toxikoak, intolerantziakoak (gehienetan, alterazio entzimatikoen edo kausa ezezagunen ondoriozkoak) eta immunologikoak izan daitezke.
Erreakzio immunologikoei buruz bakarrik arituko gara, erreakzio alergikoetatik hasita.
Arrain zuriek zein urdinek eragin dezakete arrainarekiko alergia, eta erreakzio gurutzatuak egon daitezke haien artean. Arraina kontsumitzearen ondoriozko erreakzio alergikoaren kasuan, baztertu egin behar da Anisakis simplexarekiko sentikortasuna. Ikuspegi klinikotik, erreakzio horiek hainbat ezaugarri izan ditzakete:
- Erreakzio anafilaktikoak: erreakzio alergiko orokortuak, larritasun berezikoak; berehala tratatu behar dira, bizi-egoera konprometituak saihesteko.
- Larruazaleko sintomak: ohikoenak dira, eta urtikaria krisi gutxi-asko orokortuarekin batera agertzen dira; batzuetan, hantura ere izaten dute (angioedema), eta horrek normalean aurpegiari eragiten dio, batez ere betazalei, ezpainei eta masailalboei. Dermatitis atopikoa ere eragin dezake.
- Arnas sintomak: asma-krisia eta/edo errinitisa edo laringeko edema. Gutxitan gertatzen diren arren, elikagaiek askatzen dituzten produktu lurrunkorrak arnasteagatik sortzen dira, adibidez, arraina egostean.
- Sintoma gastrointestinalak: sabeleko mina, goragalea, gonbitoak eta beherakoak.
- Sintoma neurologikoak: migraina kasu batzuk.
Elikagaiekiko alergiaren aurrean jarraitu beharreko jokabidea honako hau da: lehenik eta behin, segurtasun-diagnostiko bat egin behar da, historia kliniko xehatu eta zuzendu baten bidez lortzen dena, eta proba diagnostikoak egin behar dira, azaleko, laborategiko eta probokazioko probak edo baztertze-dietak barne. Oinarrizko tratamenduan, saihestu egiten da erantzun alergikoa eragiten duen elikagaia, eta kontuan hartzen da, gainera, beste substantzia batzuekin erreakzio gurutzatuak izateko aukera. Erreakzio alergiko batean agertzen diren sintomen tratamendua koadro bakoitzaren ezaugarrien araberakoa da.
