Skip to main content
01

Osasun arazoak, banan-banan:

Estresak eragindako alterazioak

Alteraciones por estrés :: Erantzun dietetikoa

Erantzun dietetikoa

Dieta aldatu egiten da sintomen arabera. Bestetik, beharrezkoa da garuna behar bezala elikatzea. Organo horrek gorputz osoaren pisuaren %2 edo %3 baino ez du osatzen, baina elikagaietatik ateratzen dugun energiaren %20 kontsumitzearen arduraduna da. Bere energi iturri nagusia karbohidratoak dira (glukosa). Ekarpena nahikoa ez bada, energia lortzen du beste elementu batzuetatik, hala nola proteinetatik eta gantzetatik. Dena den, azken hori ez da komeni, alterazioak gertatzen baitira gorputz-metabolismoan. Garuna ongi elikatuta mantentzeko, ez da beharrezkoa kalorien ekarpena handitzea, baina bereziki zaindu behar da nerbio-sistemak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak diren zenbait mantenugairen ekarpena (bulkaden transmisioa, oxigenoa zeluletara garraiatzea). Mantenugai horiek eragin zuzena dute kontzentrazioan, oroimenean, errendimendu intelektualean eta aldartean, eta honako hauek dira: B multzoko bitaminak (tiamina, niazina, piridoxina, B12 eta azido folikoa), E bitamina, gatz mineral jakin batzuk (potasioa, magnesioa eta zinka), oligoelementuak (litioa, silizioa, selenioa eta kromoa) eta funtsezko gantz-azidoak. Ez da ohikoa oligoelementu defizitak gertatzea, gorputzak oso kantitate txikitan behar dituelako eta naturan oso zabalduta daudelako.

B1 bitaminaren gabeziak, adibidez, nerbio-suminkortasuna eta depresioa eragiten ditu, eta B6-renak, urduritasuna eta nekea; magnesioaren defizitak urduritasuna eta antsietatea eragiten ditu. Gantz-azido asegabeak, linoleikoa adibidez, fruitu lehorretan eta hazi-olioetan nagusi direnak, ezinbestekoak dira nerbio-sistema garatzeko.